Khazariar
| Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Khazariar[1] (göktürkeraz: ![]()
![]()
![]()
![]()
, hɑ'zɑɾ, grezieraz: Χάζαροι, hebreeraz: כוזרים, Kuzarim, turkieraz: Hazarlar, tatareraz: Xäzärlär, arabieraz: خزر, khazar, errusieraz: Хазары, persieraz: خزر, latinez: Gazari/Cosri/Gasani) herri turkiar erdi-nomada bat izan zen, Khazaria Inperioa sortu zuten VII. eta X. mendeen artean, estepako mendebaldeko herrialderik boteretsuena. Bertan kokatzen ziren Asia, Europa eta Ekialde Hurbilaren arteko komertzio arteria garrantzitsuak, batez ere Zetaren bidearen baitan. Hiru mendez Volga-Don estepetatik Krimeako penintsulara eta Kaukasoko iparralderaino hedatzen ziren lurrak kontrolpean izan zituzten.
| Khazariako Erresuma | |||||
|---|---|---|---|---|---|
| 618? – 1048? | |||||
Khazariaren hedapena denbora ezberdinetan | |||||
| Geografia | |||||
| Hiriburua | Balanjar (650-720 ca.) Samandar (720 ca.-750) Atil(750-ca.967-969) | ||||
| Kultura | |||||
| Hizkuntza(k) | Khazariera | ||||
| Erlijioa | Judaismoa, tengrianismoa, sinkretismoa | ||||
| Historia | |||||
| Sorrera | 618 inguru | ||||
| Desagerpena | 1048 inguru | ||||
| |||||
Beste izen batzuk
aldatuGrezieraz: Χάζαροι; tatareraz: Xäzärlär; krimeako tatareraz: Χάζαροι.
Jatorria
aldatuKhazariarren jatorria ez da ziurra. Judu bilakatu ostean, euren jatorri mitikoa Kozarren, Togarmesen semearen, leinuan jartzen zuten. Hori, Biblian, Jafeten biloba gisa agertzen da. Hala ere, ez da oso ziurra jatorri bibliko hau aipatzea judu bilakatu aurretik.
Historialari batzuk saiatu dira euren jatorria Israelgo leinu galduekin lotzen, baina, gaur egun, beste teoria batzuk erabiltzen dira euren jatorria azaltzeko. Batzuen ustez, turkiarrak dira, mendebaldetik etorriak. SESBeko historialarientzat, iparraldeko Kaukasoko jatorrizko herri bat zen. D. M. Dunlopentzat, uigurrekin loturik zeuden, Txinako iturriek K'o-sa deitzen zuten leinua, hain zuzen ere.[2] Baina hizkuntza hunoekin lotuta dago, eta lehenbiziko bulgariarrek hitz egiten zutenaren antza duela diote hizkuntzalariek. Herri turkikoak ez dira izan etnikoki homogeneoak eta, beraz, baliteke ideia guzti hauek bateragarriak izatea. Baliteke ere khazariarrak jatorri etniko ezberdinetako leinuek osatzea, estepako herriek konkistatuak barnebiltzen zituztelako maiz.
Historia
aldatuKhazaria babesa izan zen Bizantziar Inperioa eta iparraldean zeuden nomaden eta Omeiatar kalifa-herriaren artean. Bizantziar Inperioaren babesa izan zen Sasandar Inperioaren aurka, baina aliantza hau 900. urtearen inguruan hautsi zen, Bizantziok alanoek Khazaria eraso zezaten bultzatu ostean, Krimeako penintsula eta Kaukasian boterea gal zezaten. Era berean, Bizantziok Rusekin aliantza egin nahi izan zuen Khazariaren boterea txikitzeko iparraldean kristautasuna indartuz. 965tik 969ra Kieveko Rusean agintzen zuen Sviatoslav I.a Kievekoak Atil hiriburua konkistatu zuen, eta Khazaria deuseztatu zuen.
VIII. mendetik aurrera khazariar monarkia eta aristokrazia judaismora lotu zen;[3][4] dirudienez, biztanleriaren konfesioak oso anitzak ziren, paganoak, musulmanak, kristauak eta juduak batera bizi zirelarik.[5] Teoria batek dio judu askenaziak khazariar diasporatik sortu zirela, baina aditu gehienek eszeptizismoz edo tentuz hartzen dute teoria hau.[6][7] Batzuetan, antisemitismoarekin[8][9] lotua izan da.
Historia
aldatuVI. mendean khazar herria Göktürkiar inperioaren barne zegoen Kaukaso iparraldeko lurraldean. VII. mendearen hasieran, alabaina, burujabeak ziren eta merkatari-inperio handia eratu zuten Europa aldeko Errusiako hego-ekialdean. Bizantzioko Heraklio enperadoreari (610-641) lagundu zioten persiarren kontrako kanpainan. Gero, VIII. mendera arte garai hartan hedatzen ari zen arabiar inperioaren aurka borrokatu behar izan zuten. Gorabehera askoren ondoren, khazarek beren inperioa izandakoaren erdialdera erretiratu behar izan zuten, eta 737 inguruan Itilen finkatu zuten beren hiriburua (Astrakhan ondoan, Volga ibaia Kaspiar Itsasoan isurtzen den lekutik hurbil).[10]
Nolanahi ere, khazarek geldiarazi zuten arabiarren iparralderako hedapena ekialdeko Europan. Itilekin batera, Semender, Kaspiar Itsasoaren ertzean, eta Sarkel, Don ibaian, izan ziren merkataritzako hiri nagusiak. Herri asko haien kontrolpean zeuden eta zergak ordaindu behar zizkieten: alanoek, magiarrek, godoek, Krimeako greziar koloniek. Halaber, Volgako bulgariarrek eta eslaviar tribu anitzek nagusitzat hartzen zituzten. Bizantziorekin oso harreman onak izan zituzten, eta Justiniano II.a (704) eta Konstantino V.a enperadoreak (732) khazar emakumeekin ezkondu ziren. Khagan deiturikoa zen khazaren buruzagi nagusia eta haren azpian tribuetako buruak zeuden (beg deiturikoak).[10]
740. urte inguruan khaganak eta goi-mailako agintariek judaismoa hartu zuten. Guztiarekin ere, tolerantzia handia zen khazaren artean eta paganismoak bizirik iraun zuen. Khazar inperioak garrantzi ekonomiko handia izan zuen: Bizantziotik Ekialde Urrunerako bidean zegoen eta, bestalde, arabiar inperioa iparreko eslaviarrekin lotzen zuen. X. mendean inperioak petxenegoen indar gero eta handiagoari aurre egin behar izan zion, bai eta Itsaso Beltzera iritsi nahi zuten errusiarrei ere. Kieveko Sviatoslav printzeak Sarkel hartu zuen 963an eta bost urte geroago khazaren azkeneko indarrak birrindu zituen. Arabiarren arteko eta Bizantzioko iturriek khazar kulturaren maila aski jasoaren berri ematen badute ere, haien hizkuntzaren aztarnarik batere ez da gorde.[10]
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
- ↑ (Ingelesez) Dunlop, D.M.. (1967). The History of the Jewish Khazars. Schocken, 34–40 or..
- ↑ (Ingelesez) Brook, Kevin Alan. (2018). The Jews of Khazaria. (3. argitaraldia) Rowman & Littlefield Publishers, 47, 84–91, 99–106 or. ISBN 978-1-5381-0342-5..
- ↑ (Ingelesez) Shapira, Dan. (2008). «Jews in Khazaria» in Ehrlich, M. Avrum Encyclopedia of the Jewish Diaspora: Origins, Experiences, and Culture. 3 ABC-CLIO, 1097–1104 or. ISBN 978-1851098736..
- ↑ (Ingelesez) Brook, Kevin Alan. (2018). The Jews of Khazaria. (3. argitaraldia) Rowman & Littlefield Publishers, 20–21, 23, 30–31, 39–41 or. ISBN 978-1-5381-0342-5..
- ↑ (Ingelesez) Lamb, Christopher; Bryant, M. Darroll. (1999). Religious Conversion: Contemporary Practices and Controversies. A&C Black ISBN 978-0-8264-3713-6. (kontsulta data: 2024-02-26).
- ↑ (Ingelesez) Wexler, Paul. (2002). Two-tiered Relexification in Yiddish: Jews, Sorbs, Khazars, and the Kiev-Polessian Dialect. Walter de Gruyter ISBN 978-3-11-017258-4. (kontsulta data: 2024-02-26).
- ↑ (Ingelesez) Davies, Alan. (1992-10-22). Antisemitism in Canada: History and Interpretation. Wilfrid Laurier Univ. Press ISBN 978-0-88920-216-0. (kontsulta data: 2024-02-26).
- ↑ (Ingelesez) Barkun, Michael. (1997). Religion and the racist right : the origins of the Christian Identity movement. Chapel Hill : University of North Carolina Press ISBN 978-1-4696-1111-2. (kontsulta data: 2024-02-26).
- 1 2 3 Lur Entziklopedia. «khazar» www.euskadi.eus (kontsulta data: 2026-07-09).