Kandelario[1] edo Garbikunde eguna[2] Jesusen Tenpluko Aurkezpena ospatzen duen jai kristaua da, otsailaren 2an. Hala, uste da, jatorria latindarra eta paganoa duela, Antzinako Erromako Luperkalia jaiekin zerikusia duena. Antzina, inauteriei hasiera emateko data zen. Ipar Euskal Herrian, Ganderailu du izena egunak.[3]

Na Gromniczną (Kandelario eguna). Teodor Axentowicz, 1938 baino lehen, Ukrainan.

Eliza katolikoan, ofizialki, Otsailaren 2an ospatzen dena, Andre Mariaren Garbiketaren jaia da, edo Ama Birjinaren Garbikundea[1] , eta hasiera emango dio aldi Kandelario aldiari.[4]

Itun Zaharreko Lb 12:2-4 jasotako arauen arabera, emakume batek mutil batez erditu ondoren bere burua garbitu behar zuen arkume bat sakrifiziorako eskainiz eta uso bat edo usakume bat bekatuaren eskaintza gisa tenpluan (Lb 12:6, zazpigarren egunean egin beharreko erdainkuntzatik 33 egunera. Kristauentzat, Ama Birjina, Jesus haurraz erditu ondoren, tenplura otsailaren 2an joan zen, eta horrexegatik egun horretan ospatzen zuten Garbiketaren eguna, Eguberri eguna eta 40 egun geroago, tradizioaren arabera, Eguberri eta Epifania denboraldiaren amaiera dena[5].

Ohitura eta sinesmenak

aldatu
Marseila. St.-Victor abadiako sarreran, Kandelario egunean, kandela saltzaileak. 1920. Postala
Andea Mantegnaren Aurkezpena tenpluan. 1444-1464. Gemäldegalerie (Berlingo Arte museoa)

Herri tradizioaren arabera, neguaren luzea edo laburra neurtzen da egun horretako eguraldiaren arabera: «Kandelario bero, negua dator gero; Kandelario hotz, negua joan da motz» dio atsotitzak. Eguneko ezaugarrien arabera negua luzatuko den ala ez iragartze hori, izatez, AEBetan ospetsu bihurtu den Marmotaren egunari lotuta dago. Izan ere, Kandelario eta Marmotaren Eguna Europako tradizio beretik sortzen diren bi aurpegi dira. Hibernatzen duten ugaztunek lozorroari uztea ala ez uzteko aukera batekin dagoen lotua tradizio hori,[6] eta Euskal Herrian hartz baten esnatzearekin lotu izan ohi da, normalean Inauterien zikloarekin lotuta.[7]

Jai kristaua X. mendean abiarazi bazen ere, Quadragesima Epiphania izenez ezagutzen zen eta IV. mendetik ospatzen zen jaian du jatorri.[8][9]

Kanariar uharteetan bereziki ospatzen da Kandelarioko Andre Maria, eta haien eraginez Latin Amerikan ere. Frantzian Matahamia jateko ohitura dago.

Euskal Herrian

aldatu

Euskal Herrian kandelak eta argizariak bedeinkatzeko eguna ere bada, urtean zehar eguraldiak ekarritako ezbehar eta gaixotasunetatik babesteko. Bedeinkapena era askotan egin izan da, hala nola atzamarra urtutako argizaritan jarri eta hiru aldiz aitaren eginez eta buruko ile zenbait errez[10][11].

Jaiak hainbat izen hartzen ditu. Kandelario-eguna et Kandeallu ere esaten zaio. Egun honetako etxeko agapearen jaki bereizgarria ogi-txigortuak dira, esnez aseak edo irin-ahiarekin eginak. Eta ogi-torta bereziak ere egiten ziren leku batzuetan, elizan bedeinkatu eta haurrei banatu. Herri desberdinetan, jaki hauen izena alda daiteke.[4]

Azkoitian modu berezian ospatu egiten da Kandelario eguna, tartean, Frantzisko Xabier Muniberen “Irten ezazu” abestia abesten dute. Egun horretan ere, aurreko urtean jaiotako haurrak elizan aurkezten dira.

Kandelario-eguna, San Blas eguna eta Santa Agata egunak, elkarrekin gertu daude, eta nolabaiteko multzoa osatzen dute.[12][13]

Esaerak

aldatu

Hainbat esaera daude egun honekin zerikusia duena, horien artean[1]:

  • Kandelarioz elurra, joan da neguaren beldurra.
  • Kandelarioz euria, laster da udaberria.
  • Kandelario, lario, haitzari hura dario.
  • “Kandelario egunean eguzkia ikusi baino, otsoa ardi tartean ikusi nahiago” (9751. atsotitza Gotzon Garateren bilduman).[14]

Erreferentziak

aldatu
  1. 1 2 3 «Kandelario», Euskaltzaindiaren Hiztegia.
  2. Garbikunde, Hizkuntza-baliabideak, Hiztegi orokorrak, Euskaltzaindiaren Hiztegia.
  3. «Ganderailu», Euskaltzaindiaren Hiztegia.
  4. 1 2 (Gaztelaniaz) «Candelaria. Tostadas - Atlas Etnográfico de Vasconia» atlasetnografico.labayru.eus (kontsulta data: 2025-11-30).
  5. (Ingelesez) Knecht, Friedrich Justus (1839-1921). A practical commentary on Holy Scripture for the use of those who teach Bible history. London, B. Herder.
  6. Pérez Iglesias, Juan Ignacio. «Kandelaria - Zientzia Kaiera» Zientzia Kaiera (kontsulta data: 2018-02-02).
  7. Araolaza, Oier. Inauteri goiztiarrak — Eibar.ORG | Eibarko peoria. (kontsulta data: 2018-02-02).
  8. (Gaztelaniaz) admin. (2022-02-01). «2 de febrero, La Purificación de Nuestra Señora, Candelaria» Monasterio de Santa Paula (kontsulta data: 2025-11-30).
  9. (Gaztelaniaz) «El ciclo festivo de Navidad» www.mercaba.org (kontsulta data: 2025-11-30).
  10. (Gaztelaniaz) Dueso, José. El calendario tradicional vasco. , 30 or..
  11. (Gaztelaniaz) «XXV. Protección creencial del gandao - Atlas Etnográfico de Vasconia» atlasetnografico.labayru.eus (kontsulta data: 2025-11-30).
  12. (Gaztelaniaz) euskaltegia, Por Udaberria. (2023-02-04). «Kandelario, San Blas eta Agate Deuna egunak» Udaberria Euskaltegia (kontsulta data: 2025-11-30).
  13. (Gaztelaniaz) «Kandelairu, San Blas eta Agate Deuna - Por encima de todas las zarzas» porencimadetodaslaszarzas.com 2017-02-06 (kontsulta data: 2025-11-30).
  14. Kaiera, Zientzia. (2014-02-02). «Kandelaria» Zientzia Kaiera (kontsulta data: 2025-11-30).

Kanpo estekak

aldatu