Via Emilia (latinez Via Aemilia), Marko Emilio Lepidok eraikiarazi zuen erromatar galtzada bat da, lerro zuzenean, Piacenza eta Rimini lotzen zituena, eta izena eman zion Emilia eskualdeko hiri asko ere zeharkatzen zituena. Zeharkatzen dituen erromatar jatorriko edo erromatarrek birsortutako hiriak, Piacenza, Fidenza, Parma, Reggio Emilia, Modena, Bolonia, Imola eta Rimini dira. Gaur egun, Strada Statale nº9-via Emilia bezala identifikatzen da.

Erromatar galtzadarik garrantzitsuenetako batzuk erakusten dituen Italiaren mapa: Via Emilia, urdin ilunez agertzen da.

Testuingurua

aldatu

Gaur egun iparraldeko Italia (Italia settentrionale) bezala ezagutzen den lurrari, garai errepublikarrean (K.a. 44. urtera arte), Galia Zisalpinoa deitzen zioten antzinako erromatarrek (literalki: Alpeetako gertuko aldeko Galia), garai hartan Galiatik zetozen tribu zeltak bizi baitziren, IV. eta V. mendeetan zonaldea kolonizatu zutenak. Italian italiar tribuak bizi ziren. Italia eta Galia Zisalpinoaren arteko muga Pisae (Pisa) eta Ariminum (Rimini) arteko lerro bat zen gutxi gorabehera. Galia Zisalpinoak Pianura padana (Po ibaiaren lautada) hartzen zuen. Herrialde zabal horrek, alde handiz penintsula menditsuko lautada emankorrena, bere nekazaritzarako lurrik onenak zituen potentzialki eta bere biztanleria eta baliabide ekonomikoak kolonizazio masiboaren bidez ikaragarri zabaltzeko aukera eskaintzen zien erromatarrei.

Erromatarrek Po lautadako galiarrakk menperatu zituzten K. a. III. mendearen amaieran oso gogorrak izan ziren kanpaina batzuen bidez[1]. K. a. 220. urtean Via Flaminia osatu zen, erromatarrei eskualdera iristeko erraztasuna eman ziena. Hala ere, erromatarren hedapena hogei bat urte atzeratu zen Bigarren Gerra Punikoaren ondorioz. Hanibal jeneral kartagotarrak Italia inbaditu zuenean (K. a. 218- K. a. 203), erromatarrek Po lautadan zuten kontrol militarra kendu egin zuten aldi baterako. Berriki garaitutako tribu asko (insubres eta boioak kasu) matxinatu egin ziren eta Hanibalekin bat egin zuten independentzia berreskuratzeko itxaropenarekin[2]. K.a. 189an tribu matxinatuak dominatu zituzten eta berriro ere Via Emilia eraikitzeko lanetan has zitezkeen.

Via Emilia Boloniako erdigunea zeharkatzean. Kale moderno hau, zati honetan Via Rizzoli bezala ezagutzen dena, antzinako galtzada erromatarrari gainjartzen zaio, Bononiako erromatar kolonia bitan banatzen zuena.
Zubi erromatarra Marecchia ibaiaren gainean, Ariminum (Rimini) kanpoaldean, Via Emiliaren abiapuntua. Gaur egun Ponte Tiberio bezala ezagutzen dena, K.o. 14. urtean eraiki zen Tiberio erromatar enperadorearen pean, bere aurrekoa izan zen Augustok hasitako Via Emilia osoaren hobekuntza garrantzitsu baten zati bezala.

Hedatze-metodo erromatarra konkistatu berria zen lurraldea zeharkatuko zuen errepide berri bat eraikitzean zetzan eta, ondoren, kolono zibilen edo militar beteranoen kolonia batzuk ezartzean bide horretan zehar. Kolonoei konfiskatutako lurren lursail emankorrak esleitzen zitzaizkien garaitutako jatorrizko herriei. Hori zen, hain zuzen ere, Via Emiliaren funtzioa: eraiki zen bitartean, erromatar koloniak sortu ziren ibilbide osoan zehar, Bononia (Bolonia, K.a. 189an sortua), Mutina (Modena), Regium (Reggio Emilia) eta Parma (denak K.a. 183. urtean sortuak).

Via Emilia Marko Emilio Lepido kontsul erromatarraren omenez osatu eta bataiatu zen K.a. 187. urtean[3]. Lubeta garaien gainean eraiki zen, hein batean, Adriatikoa Tirreno itsasoarekin lotzen zuen antzinako errepide-sistema baten gainean. Galtzada kontsularra, zati handi batean lerro zuzenean, 176 milia erromatar (260 km) zituen Riminiko ipar-mendebaldetik Piacenzan amaitu arte, lehendik zeuden hiriak lotuz, hala nola Piacenza, Bolonia eta Rimini[4].

Bidea Po lautadaren hegoaldeko muturretik zihoan, Apenino italiarren iparraldeko mendietara begira, eta Po ibaiaren ibaiadar ugari zeharkatzen zituen, horien artean Riminitik gertu dagoen Rubikon eta Piacenzatik gertu dagoen Trebbia nabarmentzen direlarik. Via Emilia eraiki eta hurrengo mendean, Piacenza Po lautadako erromatar komunikazio-gune nagusia bihurtu zen. K.a. 148. urtean, Via Postumiak Piacenza eta Aquileia lotzen zituen, Adriatikoko iparraldeko kostaldean. K. a. 109. urtean, Marko Emilio Eskauro kontsulak Via Aemilia Scaura osatu zuen Genoaraino eta Pisaeraino (Pisa).

Erreferentziak

aldatu
  1. Polibio, Historia II, pp. 20–34
  2. Polibio, Historia II, pp. 61-71
  3. Livio. Ab Urbe Condita XXXIX 1; Corpus Inscriptionum Latinarum, p. 617
  4. (Ingelesez) «The Via Emilia | Emilia Romagna Tourism» Emilia Romagna Turismo – official tourist information website (kontsulta data: 2026-01-20).

Kanpo estekak

aldatu