Siliguri

Indiako hiria

Siliguri (bengaleraz: শিলিগুড়ি), Indiako Mendebaldeko Bengala estatuko hiri bat da. Alboan duen Jalpaiguri hiriarekin batera metropoli handi bat eratzen du. 2011ko erroldaren arabera Siligurik 513.264 biztanle ditu eta Jaipalgurik beste 100.000 inguru. Mendebaldeko Bengalako hirugarren metropolia osatzen dute, Kalkuta eta Asansolen ondoren.[1]

Siliguri
municipal corporation of West Bengal (en) Itzuli
Administrazioa
Herrialdea India
Indiako estatuaMendebaldeko Bengala
Division of West BengalJalpaiguri division
Indiako barrutiDarjeeling barrutia
Subdivision of West BengalSiliguri subdivision
Posta kodea734001
Geografia
Koordenatuak26°43′N 88°25′E / 26.72°N 88.42°E / 26.72; 88.42
Map
Azalera41,9 km²
Altitudea400 m
Demografia
Biztanleria294.546 (2011)
218.718 (2011)
alt_left 143.011 (%48,6) (%51,4) 151.535 alt_right
Dentsitatea7.030 bizt/km²
Etxebizitzak66.062
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia353
Ordu eremuaUTC+05:30
siligurismc.in

Siligurik garrantzia estrategiko handia du, nazioarteko hiru mugatarako sarbidea baita, Nepal, Bangladesh eta Bhutan herrialdetarako hain zuzen ere. Horretaz gain Indiaren ipar-ekialdea eta gainerako India lotzen baititu. Hori guztiagatik merkataritza eta garraio zentru garrantzitsua da.[2]

Etimologia

aldatu

Sailen Debnath historiagilearen arabera "Siliguri" izenak "harri txintxarren edo harri koskorren tokia" esan nahi du. Dena dela XIX. mendean "Shilchaguri" izena zuen eta Dolka basoak estaltzen zuen eremua.[3]

Geografia eta klima

aldatu

Kokapen geografikoa

aldatu

Himalaia mendikatearen ekialdeko muinoetan kokaturik dago Siliguri korridorea esaten zaion eskualdean. Hiriak 260 km2-ko azalera hartzen du eta iparraldean baso itxia du. Mahananda ibaia igarotzen da hiriaren erditik eta hiriaren ekiadeko muga Teesta ibaiak finkatzen du. Siliguri batzabeste 122 metrotako altitudean dago.

Geologia

aldatu

Terai ordokiaren parte da eta lurzorua hareatsua da, harearen eta lohiaren arteko erlazioa buztinarena baino askoz handiagoa da. Ohikoak dira lurrikarak eskualde guztian eta faila ugari aurkitzen dira.

Klima azpitropikal hezea du (Köppen: Cwa). Udan beroa eta hezea da, neguan aldiz epela. Batazbesteko tenperatura 23,2ºC-koa da. Abuztua da hile beriena, 27,1ºC-ko batazbestekoa eta 38ºCko maximoa izan dezakeena. Urtarrilean 16,4ºC-ko batazbestekoa izan ohi da, minimoa 6-9ºC-ra jaistiz.[4]

Urteko prezipitazioa 3.000 mm-takoa izaten da,[4] neguan lehorra eta udan pilatzen dira prezipitazioak, izan ere montzoi aroa ekaina eta iraila artean izaten baita. Uztaila da berez hilabete euritsuena.[5]

Historia

aldatu

Hastapenak

aldatu

Sailen Debnath historiagileak dioenez gaur egun Siliguri dagoen eremua Sikkimgo Erresumaren hegoaldeko muturra zen. Morang eskualdeko ekialdeko eta mendebaldeko lurren elkargune zen, harik eta inguru hartan Nepalen boterea hedatzen hasi eta Morang eskualdea hartu zuen arte. 1788an eskuratu zuten nepaldarrek eremu hau eta Kirati eta Lepcha leinuetako jendeak populatu zuen.

Gaur egungo Siliguriren hegoaldean ibai portu bat garatzen hasi zen, eta haren bidez bhutandarrek eta sikkimdarrek merkatal harremanak eratu zituzten Indiako Bengala eremuarekin eta Bihar estatuarekin.[3]

Aro modernoa

aldatu

Mahananda ibaiko portuaren inguruan nekazal herrixka bat sortuz joan zen. XIX. mendearen hasieran Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiaren influentzia iritsi zen eta Siliguriren rola erabat aldatu zen. Nepaldarrekin 1816an adosturiko Sagauliko Itunean zehatzu zen Siliguri Darjeelingerako, Kurseongerako eta Nepalerako transitorako hiria izango zela. Britainiarrek 1865ean Darjeeling eskuratu zuten eta ondoren Dooars eta Kalimpong eskualdeak, eta te landaketa zabalak egin zituzten. Produktua Ingalaterrara esportatzeko 1880an trenbidea eraiki zuten Darjeeling eta Siliguri artean.[3]

1947an Indiak independentzia lortu zuen. Bengala eskualdea bitan banatu zen, Mendebaldeko Bengala (Indiari zegokiona) eta Ekialdeko Pakistan, gerora Bangladesh bihurtuko zena. Siliguriko korridorea sortu zen orduan, Indiaren ekialdeko zatia eta Indiaren gainerakoa lotzen zuen lur zati estu bat. 1975ean Sikkim Erresumak bat egin zuen Indiarekin[6] eta sikkimdar ugari joan ziren Siligurira bizitzera, baldintza hobeak aurkitzen zituztelako. 1971 eta 1981 artean Siliguriren populazioa %57,8 handitu zen eta 1981 eta 1991 artean %46,8.

Demografia

aldatu
 
Siliguriko Bidhan merkatua.

Datu orokorrak

aldatu

Egin zen azken errolda 2011koa izan zen, 2021ekoa COVID-19 pandemia zela eta ezin izan batzen burutu. Siliguri hiriak 513.264 biztanle ditu eta metropoliak 701.489. Gizonezkoak %51,44 dira eta emakumezkoak %48,55.

Alfabetazio tasa %77,64-koa. Siligurik ofizialki 154 txabola auzo ditu eta zerrendan agertzen ez diren beste 31. Guztira hiriaren populazioaren %32a bizi da txabola auzoetan.

Hizkuntzak

aldatu

Siliguriko hizkuntza ofiziala bengalera da. Populazioaren %60,88ak du bengalera lehen hizkuntza eta %25,24k hindia. Gainerako hizkuntza nagusiak nepalera (%4,66), bhojpurera (%2,39), marwariera (%1,58) eta urdua (%1,24) dira.[7]

Erlijioa

aldatu

Hinduismoa da erlijio nagusia, populazioaren %92a hartzen du, aldiz musulmanak %5,37 dira, kristauak %0,94 eta budistak %0,65.[8]

Administrazioa

aldatu

Britainiarren menpeko aroan Siliguri azkar garatu zen eta lehenengo gobernantza erakundea 1915ean sortu zen, hala ere Darjeeling barrutiak agintzen zuen alderdi gehienetan. 1922an Siliguriko Batzordea eratu zen eta 1949an Siliguriko Udal Kontseilua sortu zen. 1956an egin ziren lehen udal hauteskundeak eta Jagdish Chandra Bhattacharya aukeratu zuten alkate.[9]

1994an Siliguriko Udal Korporazioa sortu zen, 47 auzo zituena, horietatik 14 Jalpaigurikoak.[10]

Garraioa

aldatu

Errepidea

aldatu
 
Tenzing Norgay Bus Terminus geltokia.

NH 27 errepideak zeharkatzen du Siliguri.

"Century old Hill Cart Road" historikoak Siliguri eta Darjeeling lotzen ditu eta 76 kilometrotako ibilbidean ia 2000 metrotako desnibela egiten du, Darjeeling 2.045 metrotako altueran baitago eta Siliguri 122 metrotan. 1895. urtean eraiki zuten britainiar militarrek.[11]

Hainbat herrialderen arteko mugan dagoenez hainbat autobus konpainiak lotzen dute Siliguri herrialdeetako mugekin:

Tenzing Norgay Bus Terminus da Siliguriko autobus geltoki nagusia.[12] Sikkim Nationalisted Transport Bus Terminus, Sikkimerako autobus zerbitzua duena, eta P. C. Mittal Memorial Bus Terminus, Ipar Bengalako autobus zerbitzuak eta autobus pribatuak dituena.[13]

Trenbidea

aldatu
 
Darjeelingera igotzen den "toy train" historikoa.

Zazpi tren geltoki ditu Siliguri-Jalpaiguri metropoliak. Trenbide nagusia New Jalpaiguri Junction geltokia da, 1960. urtean eraiki zena. Indiaren ipar-ekialdeko tren geltoki handiena da. Herrialdeko hiri handi guztiekin lotuta dago, Goa hiriarekin ezik.[14] Indiako 10 geltoki garbienen zerrendan dago (2016).

1881ean Jalpaiguri, Siliguri eta Darjeelng lotzen dituen trena eraiki zen, "toy train" ("jostailuzko trena") ezizenaz ezagutzen dena. UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen 1999. urtean "Indiako mendiko renak" multzoaren barnean.[15]

Aireportua

aldatu

Siliguri erdigunetik 12 kilometro hego-mendebaldera Bagdogra aireportua dago (IATA: IXB). 2002an nazioarteko aireportua bihurtu zen.[16]

Hezkuntza

aldatu

Ipar bengalako Unibertsitatea 1962an eratu zen.[17] Guztira 16 fakultate ditu, haietatik bi medikuntzakoak eta hiru injeniaritzakoak.

Fakultate zaharrena 1950ean sortu zen eta Arte eta Zientziak erakusten dira. 2007an Ipar Bengalako Saint Xavier fakultatea eraiki zuten jesuitek.[18]

Maila ertaineko hezkuntzari dagokionez hiru eskola ingeles ditu, Delhi Public School (CBSE), Don Bosco School (CISCE)[19] eta Techno India Group Public School (CBSE). Hiru eskola militar publiko ere baditu.

Flora eta fauna

aldatu
 
Indiar elefantea, Mahananda Basabizitza Santutegian.

Himalaia azpiko basoak inguratzen du hiria eta flora eta faunari dagokionez aberastasun handiko eremua osatzen du. Baso heze tropikala da eta sala (Shorea robusta) da espezie nagusia, kopuru osoaren %80 inguru hartzen baitu.

Siliguri hiriaren handitzeak basoen deforestazioa ekarri du. Dagoeneko horren eragina nabarmentzen hasi da hirian, klima epelagoa da eta ekosistema ugariren nahasmendua ekarri du.

1976an Mahananda Basabizitza Santutegia eratu zen Sukna herrian, Siliguritik 12 kilometrotara. Indiar elefante ugari, Bengalako tigreak eta indiar bisonteak bizi dira han.[20] Animalia hauetaz gain Siliguri inguruko basoetan muntiacus oreinak, urde basatiak, tximuak, zivetak, sugeak, muskerrak, basahuntzak, sanbarrak, txitalak eta katu arrantzaleak. 243 hegazti espezie ere identifikatu dira basoetan, Kalaoa, koartzatxoak eta martin arrantzaleak adibidez. Uretako hegazti migratzaileak ikustea ere ohikoa da.[21]

Kultura

aldatu

Jaialdiak

aldatu
 
Baishakhi Mela jaialdiko noria.

Baishakhi Mela da Siligurin ospatzen den jaialdi garrantzitsuena. Bengaliar urte berria ospatzen da eta apirilean izan ohi da.[22]

Hosto Shilpo mela artisauen jaialdia izaten da eta Kanchenjunga Stadiumean egiten da.[22]

Beste jaialdi batzuk Durga Puja, Ganesh Puja, Chhath Puja, Laxmi Puja, Diwali eta Saraswati Puja dira.[22]

Komunikabideak

aldatu

Ingelesezko hainbat egunkari saltzen dira hirian, The Telegraph, Times of India, The Statesman, The Economic Times eta The Asian Age, besteak beste. Bengalerazko egunkariak ere ugari dira, Uttarbanga Sambad, Anandabazar Patrika, Bartaman, Uttarer Saradin... Hindiz idatzitako egunkari nagusiak Prabhat Khabar eta Janpath Samachar dira.

All India Radio Siliguri (AIR Siliguri) 1963an sortu zen.[23]

Siligurin Indiako telebista kate guztiak ikusteaz gain Nepalgo eta Bangldeshko telebista kateak ere ikusten dira.

Kirolak

aldatu
 
Kanchenjunga Stadiuma.

Kirol asko egiten dira Siligurin, hala nola, kriketa, futbola, boleibola, igeriketa eta mahai-tenisa.

Kanchenjunga Stadium 1980ko hamarkadan eraiki zen eta 40.000 ikusleentzako edukiera du. Han egiten dira kirol jarduera garrantzitsuenak;

  • Kriketa:
    • Ranji Saria: 11 ekitaldi jokatu dira.
    • Celebrity Cricket League
  • Futbola:
    • 2012ko Federazio Kopa
    • 2014ko Santosh Saria
    • 2016ko SAFF Women's Championship

Municipal corporation indoor estadioan bestelako kirolak egiten dira; mahai-tenisa, badmintona, taekwondoa, tenisa eta xakea. 5.000 ikuslerentzako edukiera du.

Ondasun nabarmenak

aldatu
Indiako mendiko trenak1
  UNESCOren gizateriaren ondarea
 
Mota Kulturala
Irizpideak ii, iv
Erreferentzia 944
Kokalekua   India
Eskualdea2 Asia eta Ozeania
Izen ematea 1999 (XXIII. bilkura)
Luzapen urtea 2005; 2008
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Darjeelingera igotzen den "toy train" trena UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen 1999. urtean.[15]

Koroazioaren zubiak (Coronation Bridge) Teesta ibaia zeharkatzen du. 1941ean eraiki zen.[24]

Hinduismoaren eta budismoaren monumentu eta tenplo ugari daude Siligurin. Salugara monasterio budista hiritik 6 kilometrotara dago. Dalai Lamaren tibetar monjeek eraiki zuten eta haren estupa oso ezaguna da.[25] Hiriaren erdigunean ISKCON tenplu bat dago, Indiako Krishna zentru handienetako bat da.[26] Koroazio zubiaren erdian Sevoke Kali tenplua dago. Suntsipenaren jainkosa den Maa Kaliren omenezko tenplua da.[27]

Ipar Bengalako Zientzia Zentrua 1997an eraiki zuten. Planetario digitala, Zientzia erakusketak, 3D Antzokia, Taramandal ikuskizuna, Zientzia galeriak eta Zientzia parke bat ditu.[28]

Mahananda Basabizitza Santutegiak Siliguriko basoetako fauna babesten du.[20]

Surya Sen parkeak haurrentako parke bat eta energia alternatiboen erakusketa bat du. Surya Sen aktibistaren estatua du eta horrek ematen dio izena.[29]

Hiritar ezagunak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. «Top Metropolitan/Urban Regions of India by 2011 Population Census» www.census2011.co.in (kontsulta data: 2025-11-08).
  2. «History of Siliguri» www.siligurismc.in (kontsulta data: 2025-11-08).
  3. a b c (Ingelesez) «History of Siliguri, Historical Significance of Siliguri» SiliguriOnline.in (kontsulta data: 2025-11-08).
  4. a b (Ingelesez) weatheronline.in. «climate - Graph - Siliguri India - WeatherOnline» www.weatheronline.in (kontsulta data: 2025-11-08).
  5. «Heavy rainfall floods N Bengal» The Times of India 2016-07-25 ISSN 0971-8257. (kontsulta data: 2025-11-08).
  6. «Sarasota Herald-Tribune - Google News Archive Search» news.google.com (kontsulta data: 2025-11-08).
  7. «Wayback Machine» www.censusindia.gov.in (kontsulta data: 2025-11-08).
  8. «Wayback Machine» www.censusindia.gov.in (kontsulta data: 2025-11-08).
  9. (Ingelesez) Das, Chinmayakar. (2012). «People Governance and development a study of Siliguri Municipal corporation area» University (kontsulta data: 2025-11-09).
  10. «Siliguri Municipal Corporation :: About Us» www.siligurismc.in (kontsulta data: 2025-11-09).
  11. (Ingelesez) «The development of communication and transportation in the 19th century» Darjeeling History Club 2019-03-03 (kontsulta data: 2025-11-09).
  12. (Ingelesez) Urban mission buses for plains. (kontsulta data: 2025-11-09).
  13. «PCM Group of Industries - P.C. Mittal Memorial Bus Terminus» www.pcmgroup.co.in (kontsulta data: 2025-11-09).
  14. (Ingelesez) «New Jalpaiguri Railway Station» erail.in (kontsulta data: 2025-11-09).
  15. a b (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Mountain Railways of India» UNESCO World Heritage Centre (kontsulta data: 2025-11-09).
  16. «Night-landing facility at Bagdogra soon» The Times of India 2010-01-16 ISSN 0971-8257. (kontsulta data: 2025-11-09).
  17. «Educational Institutions» www.siligurismc.in (kontsulta data: 2025-11-09).
  18. (Ingelesez) indcareer.com. (2013-10-30). «North Bengal St Xaviers College, Rajganj» IndCareer.com (kontsulta data: 2025-11-09).
  19. www.dbssiliguri.in (kontsulta data: 2025-11-09).
  20. a b (Ingelesez) «Mahananda Wildlife Sanctuary - Breathe Fresh Oxygen and Enjoy Your Best» www.jayantitravels.in (kontsulta data: 2025-11-09).
  21. «FLORA AND FAUNA OF NORTH BENGAL» nbtourism.tripod.com (kontsulta data: 2025-11-09).
  22. a b c (Ingelesez) «Siliguri Culture, Festivals in Siliguri, Cultural Clubs Siliguri» SiliguriOnline.in (kontsulta data: 2025-11-09).
  23. (Ingelesez) All India Radio Siliguri. «History - AIR SILIGURI» airsiliguri.in (kontsulta data: 2025-11-09).
  24. (Ingelesez) «Coronation Bridge | Siliguri» Incredible India (kontsulta data: 2025-11-09).
  25. «Salugara Monastery, Salugara Monastery Timing, Things to do in Salugara Monastery» shiliguri.com (kontsulta data: 2025-11-09).
  26. (Ingelesez) Tree, ISKCON Desire. (2011-06-04). ISKCON Siliguri | West Bengal | India | ISKCON Centers. (kontsulta data: 2025-11-09).
  27. «Wayback Machine» wbtourismgov.in (kontsulta data: 2025-11-09).
  28. (Ingelesez) Things, 1001. (2014-04-18). «Things to Know about North Bengal (Siliguri) Science Centre» 1001 Things About North Bengal, North East India & Bhutan (kontsulta data: 2025-11-09).
  29. «Loading...» www.avathi.com (kontsulta data: 2025-11-09).

Kanpo estekak

aldatu