Plus ultra
Plus ultra latinezko esapide bat da, «harago» esan nahi duena, eta Espainiako Erresumak bere nazio goiburutzat hartua. Non terrae plus ultra («ez dago lurrik harago») jatorrizko esapideari kontra egiteko sortu zen. Karlos V.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa izan zen lehenengoz erabili zuena, goiburu pertsonaltzat, bere mendeko Espainiar Inperioaren dinamismoaren adierazle.


Earl Rosenthalen azterketen arabera, goiburua Karlos V.aren mediku eta aholkulari pertsonala zen Luigi Marliano humanistagandik dator. Marlianok duke gazteari, geroago enperadorea izango zenari, 1515ean, adindun bihurtu zenean eta Urrezko Toisoiaren Ordenaren maisu handi izendatua izan zenean, bere bulegopean Plus ultra latin goiburua jartzea aholkatu zion.
Goiburu hura nabigatzaileak abisu zahar ospetsua desafiatu eta ahaztera animatzeko erabili zen. Izan ere, erromatar mitologiaren arabera, Herkulesek bi zutabe jarri zituen Gibraltarko itsasartean, eta Munduaren muga zirela uste zen, Mediterraneoko nabigatzaileak iris zitezkeen azken muga. Non terrae plus ultra («ez dago lurrik harago») esaten zen Gibraltarri buruz, bai eta Finisterreri buruz ere, baina esaldi horrek bere botere sinbolikoa galdu zuen Cristobal Colon 1492an Ozeano Atlantikoa zeharkatuz Mendebaldeko Indietara (Amerikara) iritsi zenean.
Ordutik izan da Espainiaren nazio goiburua, frankismoaren garaian izan ezik, orduan Una, grande y libre izan baitzen goiburua. Egungo armarri konstituzionalean goiburua Herkulesen bi zutabeen inguruan idatzia ageri da. Hain zuzen, goiburu hori eta Karlos V.aren espainiar armarria Amaiurko monolitoan jarri ziren 1927an, Nafarroako Monumentu Historikoen Komisioan polemika bizia sortu ondoren, kide askoren dimisioa ekarri zuena.
Esapidearen beste erabilera batzuk
aldatu- Plus ultra: Kolonbiako Armadaren goiburua, haren armarrian ageri dena.
- Plus ultra: 1926an Espainiako Palos de la Frontera eta Argentinako Buenos Airesen artean lehen hegaldia egin zuen hidrohegazkinaren izena.
- Operacion Plus Ultra: SER irrati kateko saio bat, 1960ko hamarkadan.
- Operacion Plus Ultra: aurrekoan oinarrituta dagoen 1966ko espainiar film bat.
- Plus-Ultra: 1986an sortutako synth-rock estiloko frantziar musika taldearen izena.
- Agrupación Deportiva Plus Ultra: Real Madril futbol taldearen behe mailetako futbol taldea, Real Madrid Castilla izenera aldatu baino lehen.
- Plus Ultra eskuadratxoa: Espainiako Aire Armadaren konpainia bat, Espainiako Errege Guardiaren barnean.