Plebe

Plebeio» orritik birbideratua)

Plebea (latinez: plebs) Antzinako Erroman, herritar xehea zen, Errepublika garaian, batez ere. Patrizioek zioten beraiek lehen senatarien ondorengoak zirela eta arrazoinamendu hori erabiltzen zuten plebeioak botere politikotik kanpo uzteko. Horrek ordenen gatazka ekarri zuen, plebeioentzako eskubide politikoen berdintasunaren aldeko mendeetako borroka, Hamabi Tauletako legeak eta beste lege batzuk sortarazi zituena.

Plebeioak (latinez: plebeius) jatorrian, erromatarrek menderatutako Lazioko herritarrek eta Erromara joandako atzerritarren ondorengoak ziten; lur-jabe txikiak, merkatariak edo eskulangileak ziren gehienak.

Erromatar historiografia klasikoak erabilitako terminologiaren arabera, gens-ik ez zutenek osatzen zuten plebea, hau da, Romulorekin batera Erroma mitikoki sortu eta euren buruari patrizio (patre-ak, patriciī) esaten ziren lehen familien parte ez zirenak. Hasieran behintzat, ez ziren Populus Romanus edo bertako tribu edo kurietako baten parte.[1] Ez zuten "ordo" (ordena) bat osatzen.

Hiritar libreak ziren legez, baina errepublikaren garaian ez zuten ordezkaririk ez senatuan ez eta beste funtzionario karguetan ere, epaitegi militarrean izan ezik; K.a. 445. urtea arte debekatua izan zuten patrizioen taldeko kideekin ezkontzea. Plebeak borroka handia egin zuen eskubideak lortzearren; patrizioengandik bereizi eta beren legeak eta erakundeak antolatu zituzten, eta Erromako hiritik alde egitea eta handik hurbil beste hiri bat sortzea erabaki zutenean, patrizioek amore eman behar izan zuten. Plebeioek patrizioekiko berdintasuna lortu zuten pixkanaka; K.a. 300. urtetik aurrera gero eta txikiagoa izan zen bi taldeen arteko bereizketa eta erabat desagertu zen bateko zein besteko aberatsek nobilitas klasea osatu zutenean.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Utchenko, Sergei Lvoich. (1978). Cicerón y su tiempo. Madril: Akal, 27 or. ISBN 84-7339-374-0..

Kanpo estekak

aldatu