Legionario
Legionarioa (latinez: legionarius), erromatar legioko partaidea zen, oro har, hamabost urtetik gorako erromatar hiritarrek osatuta zegoena. Legionario baten soldadutzaren iraupena, Errepublika goiztiar garaian, kanpaina militarrarena zen. K. a. II. mendean, gehienezko zerbitzuak hamasei kanpainakoa izan behar zuela xedatu zen. Marioren aldaketen ondoren, iraupena 25 urtean ezarrita geratu zen, eta hogeira laburtu zen Augustoren agintaldian. Zerbitzuengatik soldata jasotzen zen, eta, soldadutza amaitu ondoren, lurrak, edo, Augustogandik hasita, Aerarium Militarisak ordaindutako diru kopuru bat.

Legionarioa bi xabalinarekin armatuta egon ohi zen (bata astuna, pilum, pluralez pila, eta bestea arina), ezpata bat (gladiusa) eta, Tiberioren agintaldi arte, sastakai bat (pugio). Babeserako, kasko bat (galae), eraztun bat (lorica hamata), armajantzi xafladun bat (lorica segmentata) edo armajantzi ezkatadun bat (lorica squamata), eta laukizuzen formako ezkutu bat (scutum) zeramatzan. Azken horrek babes metaliko bat zeraman eskuaren kokalekurako. Ekipamendua sandalia pare batek (caligae) eta bizkar zorro batek (sarcina) osatzen zuten.
Ezaugarri garrantzitsu bat, askotan handiagoak eta hobeto ekipatuak zeuden armaden aurka borroka egin behar izaten baitzuten, gorputz oso diziplinatu baten zati osatzea zen (exercitum), bai mugimendu militarrak modu zehatzean egiteko, bai dortokarako eta bai ingeniaritza militarreko lanean aritzeko ere (kanpamentu, harresi eta gotorleku eraikitzea) eta lan publikoetan (bideak, zubiak, akueduktuak).
Geroztik, legionario deitu dira historiako hainbat gorputz militarretako kideak. Adibidez: Frantziako Atzerritar Legioa, Espainiar Legioa eta Poloniar Legioa osatzen dituzten militarrak.