Lararium
Larairuma edo lararioa antzinako erromatar etxeetan izaten zuten aldare bat zen. Etxebizitza erromatarretan, edikulu itxura zuen aldare edo tenplete txiki bat zen, otoitz egiteko eta familiaren espiritu babesleei eskaintzak egiteko, hau da: larei, manei (manes), penateei eta jainkoren bati. Patrizioen etxeetan, larariuma atarian egoten zen, errazago ikusteko, eta apalenetan, berriz, sukaldean; hala ere, ohikoa zen etxeko (domuseko) hainbat gelatan aldi berean aurkitzea (larario eramangarriak ere baziren),[1] bai barruko geletan, bai kanpoan ere. Arellanoko erromatar villan, adibidez, biltegian bat aurkitu zen.
Estilo beraren barruan, era askotako formak izan zitzakeen, familiaren garrantziaren arabera: luxuko larariumak marmoleko tabernakulu txikia ziren, eta txiroenak nitxo soila, horma-hobi apala edo apal hutsa. Guztiek, salbuespenik gabe, margoak erakusten zituzten, edo aipatutako espirituak gorpuzten zituzten eskulturatxoak jartzen zituzten.[2] Horman margotuta ere irudikatzen zuten.[3]

Erabilera
aldatuFamiliaren eta etxeko kultuen gune nagusia zen. Bertan, arbasoak gurtzen ziren, eta familia bakoitzak bere jainko edo jeinu bereziak zituen, eta haiei eguneroko errituak eta eskaintza desberdinak egin behar zitzaizkien. Erromataren usteen arabera, eskaintza horiek egin ezean, hainbat ezbehar jaso zitzakeen etxeko jabeak. Bertan ere familiaren hainbat erlikia gordetzen ziren.
Erromatarren gurtza pribatua, nekazaritza eta familia giroko jaiei lotua, etxeko eremuaren eskumena zen, non pater familiasak apaiz gisa jarduten zuen. Familiaren larak etxekoen osasuna eta oparotasuna zaintzen zuten izpirituak ziren, esklaboak barne. Nerabeak bezala irudikatzen zituzten, oparotasunaren adarra esku batean, katilu bat bestean eta tunika labur batez jantzita. Iruditxoak zurez, hezurrez, brontzez edo beste material batzuez egiten ziren. Eskaintzak egiten zitzaizkien eta agur egiten zitzaien bidaia batetik irten eta itzultzean. Erromatarrak goizeko otoitza zuzentzen zien eta otorduetan plater bakoitzaren zati bat gordetzen zieten eta larariumean gordetzen ziren.[3]
Baina bertan ez ziren bakarrik larak gordetzen. Bere baitan hartzen zituen penateak, despentsaren babesleak; jeinua, pater familiasen izpiritu zaindaria zena eta burua togaz estaltzen zuen gizon baten gisa irudikatzen zena; manak, arbaso familiarren izpirituak; baita beste jainko-jainkosa batzuk ere, hala nola Fortuna edo Merkurio eta beste, familiek babesle gisa gurtzen zituztenak.[4] Larariumaren aurrean, familia-gertakizunak ospatzeko hainbat erritu ospatzen ziren, oturuntzekin batera, hala nola, pater familiasen urtebetetzea, geniusaren jaiarekin bat zetorrena; emazte berria familiako jainkoei aurkeztea eta seme bakoitzaren jaiotza, bederatzi eguneko buruan, purifikatu egiten zutena.
Lararioko eskaintzak askotarikoak ziren, baina batez, loreak eta girlandak aldarea apaintzeko, jeinuaren omenez hartzen zen ardoa, intsentsua, eztia, lurrinak, frutak, lore-koroak edo pasteltxoak. Etxeko jaunak otoitz egiten zien: "Etxe hau izan dadila guretzat ongi-iturri, zorion-bedeinkapen eta zorion-iturri". (Plauto, Hiru ezkutuak)[3]
Laretarren sugeak agertzen da maiz, Agatodeme edo Agatodemon izena zutenak. Laretako sugeak etxearen eta bertako bizilagunen izpiritu babesleak diren aldetik, irudirik ohikoena dira; hala ere, Agatodeme sugearen irudiak are garrantzi handiagoa du eremu Vesuvioko eskualdean (Ponpeia eta Herkulano kasu). Etxea zorigaitzetik babesten duen jeinu edo izpiritu ongilea da, eta etxebizitzako okupatzaileen ugalketa indarra irudikatzen du (sentsu oro harrean). Badirudi Agathos daimon grekoarekin lotuta dagoela, pertsonen bizitza babesten eta laguntzen duen izpiritu ongilearekin. Gandorra duen suge bat bezala irudikatzen da, banaka edo bikoteka, aldare bat babestuz eskaintzekin, eskuarki arrautza bat, anana bat, piku batzuk edo datil batzuk, sakrifizio ez gordinetan ohikoak ziren eskaintzak. Izpiritu hori irudikatuta agertzen denean, Naturako elementu batera agertzen da, hala nola landare eta animaliekin, agian, soroen eta uzten gainean duten babesari erreferentzia eginez.[5]
Tresnak
aldatu- Salinum: gatzaren edukiontzia
- Gutus: esne edo ardoarentzako edukiontziak
- Patera: eskaintzetarako platera
- Intsentsua: jainkoei eskaintza
- Acerra: intsentsuarentzako edukiontzia
- Intsentsu-ontzi (Turibulum): intsentsu-erregailua
- Kriseilu (Lucerna): lanpara
Erreferentziak
aldatu- ↑ Bonadea. (domingo, 1 de julio de 2012). «Grupo BONA DEA. Recreación y divulgación de la Antigüedad: LA SERPIENTES EN LOS LARARIOS» Grupo BONA DEA. Recreación y divulgación de la Antigüedad (kontsulta data: 2025-12-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «larario» Glosario ilustrado de arte arquitectónico 2018-01-14 (kontsulta data: 2025-05-27).
- 1 2 3 Villaromanadematerno. (martes, 15 de octubre de 2013). «Villa romana de Carranque: El lararium romano, culto doméstico a los dioses.» Villa romana de Carranque (kontsulta data: 2025-05-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Izquierdo Pereile, Isabel; Moreno Conde, Margarita. (200). «Los dioses Lares» Pieza del mes. Ciclo 1999-2000. Creencias, símbolos y ritos religiosos. MAN, Museo Arqueológico Nacional.
- ↑ Bonadea. (domingo, 1 de julio de 2012). «Grupo BONA DEA. Recreación y divulgación de la Antigüedad: LA SERPIENTES EN LOS LARARIOS» Grupo BONA DEA. Recreación y divulgación de la Antigüedad (kontsulta data: 2025-12-12).
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Lararium, NovaRoma
- .(Gaztelaniaz) «La religión doméstica». Museo Arqueológico Nacional, MAN.