Hipnotikoak

nerbio-sistema zentralaren depresorea, loa eragiteko gaitasuna duena

Hipnotikoak (grezierazko Hypnos hitzetik, "loa"), batez ere, anestesian eta insomnioaren epe laburreko tratamenduan erabiltzen diren farmakoak dira. Nerbio-sistema zentralaren depresore gisa jokatzen dute, loaren induzkioa eta manteinua bultzatuz.[1]

Ekintza-mekanismoa

aldatu

Hipnotiko gehienek azido gamma-aminobutirikoa (GABA) izeneko neurotransmisorearen jarduera indartuz jarduten dute. Hau da, hipnotikoek GABAren eragina potentziatzean, neuronen arteko seinaleen transmisioa murrizten dute, eta ondorioz, garunaren jarduera orokorra moteldu. Mekanismo horren bidez sortzen da farmako hauen efektu lasaigarria eta lo-eragilea. Gainera, efektu hori dosiaren araberakoa izaten da: dosi txikiagoetan lasaitasuna edo sedazioa, eta dosi handiagoetan lo sakonagoa eragiten dute.[1][2]

Sailkapena

aldatu

Hipnotiko erabilienen artean bentzodiazepinak eta hipnotiko ez-bentzodiazepinikoak daude, Z farmakoak ere deituak, hala nola zolpidema, zopiklona eta eszopiklona. Azken horiek loaren gaineko ekintza selektiboagoa eta efektuaren iraupen laburragoa eskaintzeko helburuarekin garatu ziren. [1][3]

Erabilera terapeutikoak

aldatu

Hipnotikoak, gehienbat insomnioaren epe laburreko tratamenduan erabiltzen dira. Halaber, farmako horietako batzuek ezaugarri antsiolitiko eta konbultsioen aurkakoak dituzte, baina ekintza horiek ez dira hipnotikotzat jotzen. Bestalde, ez dute efektu analgesiko aipagarririk. [3]

Eragin desiragaitzak

aldatu

Hipnotikoen erabilera ondorio kaltegarriekin lotu daiteke, esaterako hondar-logurarekin, nahasmen kognitiboekin, amnesiarekin, koordinazio motorraren nahasmenduekin eta erortzeko arriskua handitzearekin. Horrez gain, hauek luzaroan erabiltzeak tolerantzia, mendekotasun fisikoa zein psikologikoa eta abstinentzia-sindromea eragin ditzake kontsumoa etetean. [1][2][4]

Dituen arriskuak direla eta, hipnotikoen erabilera pixkanaka mugatua izan da praktika klinikoan, bereziki tratamendu luzeetan eta talde kalteberetan, adibidez adinekoetan. Hala eta guztiz ere, testuinguru kliniko espezifikoetan erabiltzen jarraitzen dira. [1][3]

Erreferentziak

aldatu
  1. 1 2 3 4 5 Martínez Glattli, Hernán. Hipnóticos. Hojas Clínicas de Salud Mental Nº 4.
  2. 1 2 «Sedatives and Hypnotics» LiverTox: Clinical and Research Information on Drug-Induced Liver Injury (National Institute of Diabetes and Digestive and Kidney Diseases) 2012 PMID 31643277. (kontsulta data: 2026-03-18).
  3. 1 2 3 (Gaztelaniaz) «Los fármacos hipnóticos: beneficios, riesgos y alternativas para el tratamiento del insomnio - Blog del Creap Valencia - Instituto de Mayores y Servicios Sociales» Blog del Creap Valencia (kontsulta data: 2026-03-18).
  4. Edinoff, Amber N.; Nix, Catherine A.; Odisho, Amira S.; Babin, Caroline P.; Derouen, Alyssa G.; Lutfallah, Salim C.; Cornett, Elyse M.; Murnane, Kevin S. et al.. (2022-08-22). «Novel Designer Benzodiazepines: Comprehensive Review of Evolving Clinical and Adverse Effects» Neurology International 14 (3): 648–663.  doi:10.3390/neurolint14030053. ISSN 2035-8385. PMID 35997362. PMC 9397074. (kontsulta data: 2026-03-18).

Kanpo estekak

aldatu