Empúries
Empúries (gaztelaniaz: Ampurias; antzinako grezieraz: Ἐμπόριον,[1] «azoka»; latinez: Emporiae) greziar eta erromatar antzinako hiria izan zen, egungo kataluniako ipar-ekialdean zegoena, eta erroamtar garaian, Hispania Taraconensis probintzian zegoena. Anatoliako itsaertzean zegoen Fozea hiriko kolono grezairrek sortu zuten K. a. 575ean, mendebaldeko Mediterraneoan merkatal-gunea izateko. Erromatarrek konkistatua, Goi Erdi Arora arte iraun zuen. Hustu zutenean Sant Martí d'Empúries geratu zen, egungo L'Escala udalerrian dagoena.[2]
| Empúries | |
|---|---|
| Interes Nazionaleko Kultur Ondasuna | |
| Aztarnategi arkeologikoa | |
| Estatu burujabe | |
| Autonomia | |
| Eremu funtzionala | Comarques Gironines |
| Eskualdea | Alt Empordà |
| Kataluniako udalerria | L'Escala |
| Koordenatuak | 42°08′05″N 3°07′14″E / 42.1347°N 3.1206°E |
| Azalera | 0.25 km² |
| Historia | |
| Garaia | K. a. 575 |
| Kultura | Antzinako Grezia, Antzinako Erroma |
| Metropolia(k) | Fozea |
| Indusketa | |
| Bisitagarria | Bai |
K.a. VI. eta K.o. V. mendeen artean Empúries portua, merkataritza-gunea, Greziako mendebaldeko kolonia, Penintsulako lehen kanpamentu erromatarra eta hiri erromatar oparoa... izan zen.[3]
Historia
aldatuGreziarren lehen ezarpena, K.a. VI. mendean izan zen, Roses golkoko kostaldearen aurrean zegoen uharte txiki batean (Palaia Polis, antzinako hiria), ondoren, lehorrera mugitu ziren arren, Neapolis, hiri berria bezala ezagutzen dena fundatzeko. Bigarren Gerra Punikoaren baitan, K.a. 218an, Gneus Cornelius Scipion buru zuten erromatar legioak lehorreratu ziren,[4] eta hiria aldi baterako portua Penintsularako sarrera izan zen tropa erromatarrentzat, Kartagoko armadaren aurkako borrokan.
Indiketeen tribu indigenaren matxinada batek, K.a. 197 urtean, erromatar legioen lehorreratze berri bat ekarri zuen, oraingoan Marcus Porcius Cato buru zutela. Erromatarrek kanpamendu militar iraunkor bat ezarri zuten Empúrieseko punturik garaienean. Kanpamenduaren babesean garatutako vicusa (auzo edo asentamendu zibil txikia), hri erromatarraren enbrioia izan zen. Augustoren garaian, Emporiae izena hartu zuen municipium izaera administratiboa zuen hiria, garai bateko kanpamendua, vicusa, Palaiapolis eta Neapolis-ekin batera. K.o. III. mendearen erdialdean, erromatarren hiriari eta Neapolis-ari zegokien eremua abandonatu egin zuten, eta Greziako antzinako Palaiapolis kokalekuan bildu ziren biztanleak.[4]

2002. urteaz geroztik, Espainiak multzo arkeologiko hori proposatu du UNESCOren Munduko Ondarearen zerrenda osatzeko.[4]
Aztarnategia
aldatu
Rosesko golkoan dagoen aztarnategia Iberiar Penintsulan dagoen greziar aztarnategirik inportanteena da. Ter eta Fluvià ibaiek zeharkaturiko ordoki batean dago eta berez ez da aztarnategi bakarra baizik eta hiru ezberdinak: Palaiapolis, Neapolis eta erromatar hiria.
Hiriak egitura hau izan zuen mendeetan zehar:
- Palaiapolis (grezieraz παλαιάπολις, «hiri zaharra»). Estrabonen esanetan, Massaliako fozearrek eratu zuten kostaldetik gertu zegoen uhartetxo batean, egungo Sant Martí d'Empúries dagoen lekuan.
- Neapolis (grezieraz νεάπολις, "hiri berria"). Hiri zaharreko zabalgunea izan zen, honen hegoaldean.
- Erromatar hiria gotorleku (praesidium) bat izan zen, Neapolisetik mendebalderantz zegoen muino batean. 750x350 metroko errektanguluak harresiz inguraturik zegoen eta zenbait cardus eta decumanus ditu.
Gaur egun bisita daitekeena
aldatuGaur egungo hondakin greziarrak garai helenistikoko hirikoak dira. Bisitan zehar Asklepio eta Serapis jainkoen santutegien aztarnak ikus daitezke, kontserbak eta arrain-saltsak (garuma) egiten ziren industria txikien azpiegiturak, agora edo plaza publikoa eta bankete-areto bateko zoladura hondarrak, grezierazko inskripzio bat duena.
Erromatarren garaikoak dira Domus 1, lurzorua apaintzen zuten mosaikoekin, Insula 30 (hiriko terma publikoek hartzen zuten eremua), foroa, basilika eta kuriaren hondakinak eta tabernae edo dendak.
Ibilbidearen erdian, aztarnategian aurkitutako Asklepioren jatorrizko eskultura aparta gordetzen duen Empuries indusketen museo monografikoa bisita daiteke.[3]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Estrabon. Geografia. , III 4, 8 or..
- ↑ Xavier Aquilué Abadías; Pere Castanyer Masoliver; Marta Santos Retolaza; Joaquim Tremoleda Trilla. (2007). Guías del Museu d'Arqueologia de Catalunya: Empúries. (2. argitaraldia) Museu d'Arqueologia de Catalunya, 115 or. ISBN 84-89936-72-2..
- 1 2 «Empúries | Patrimonio Cultural. Generalitat de Cataluña.» patrimoni.gencat.cat (kontsulta data: 2026-02-20).
- 1 2 3 (Gaztelaniaz) «EMPÚRIES. COLONIA GRIEGA, CIUDAD ROMANA — VIATOR IMPERI» viatorimperi.es 2020-04-22 (kontsulta data: 2026-02-20).