Atena

jakinduria, borroka estrategikoa eta artisautza jainkosa greziar mitologian

Atena[1] edo Pallas Atena[1] (antzinako grezieraz: Ἀθηνά Athēná edo Ἀθήνη Athḗnē; dorieraz: Ἀσάνα Asána) greziar mitologiako jainkosa bat da: jakinduriaren, estrategiaren, bidezko gerraren[2] eta artisautzaren[3] jainkosa. Ikonografia konbentzionalean, Atena ezkutuz, lantzaz eta kaskoz armatuta agertzen da, hoplitaren ekipamendu bereizgarriarekin; Atenaren beste enblema bereizgarri batzuk egida eta mozoloa dira. Erromatar mitologian, Minerva izenarekin gurtzen zuten.[4] Zeus eta Metisen alaba zen: Zeus jainkoetan boteretsuena zen eta Metis, berriz, zuhurtziaren jainkosa.[5]

Atena
Antzinako Greziako erlijioa
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa
BizitokiaOlinpo
Ikonografiakaskoa, egida, Olibondoa, gorgoneiona eta mozoloa
BaliokideakMinerva, Pallas, Aëdon (en) Itzuli eta Menrva
Domeinuajakinduria, gerra, ehungintza, eltzegintza eta nekazaritza
Familia
AitaZeus
AmaMetis eta Coryphe (en) Itzuli
Seme-alabakKoribante eta Higia
Haitzurdinezko estatua hau K. a. I. mendeko Antiokosek izenpetutako kopia da. Jatorrizkoa Fidiasek egin zuen K. a. V. mendean eta Atenasko Akropolian zegoen. Antza, ezkerreko eskuan lantza eta eskuinekoan ezkutua izan zituen.

Atenas hiriak jainkosaren omenez du izen hori, eta han dago Atenaren tenplurik ezagunena: Partenoia.

Jaiotakoan, Atenaren ezagutzak jakin nahian, jainko batzuek zenbait dema egin zizkioten, eta Atena beste jainkoak baino argiagoa zela agerian gelditu zen, baita gerraren arloan Ares (gerraren jainkoa) bera baina hobea ere. Beraz, Atena bidezko gerraren, estrategiaren eta jakinduriaren jainkosa izendatu zuten. Esaten da berak sortu zituela zientziak, artea eta nekazaritza, bereziki olibondoa eta oliba olioa.

Pallas

aldatu

Atenari Pallas Atena[1] izenez ere deitzen zaio. Pallas izenaren zergatiak azaltzen duten hiru teoria ezagutzen dira:

  • Lehenengo mitoaren arabera, Atenaren aita ez Zeus, Palas izeneko jakituriaren titana baizik. Pallas titanak bere alaba Atena bortxatzen saiatu zen. Baina Atenak aita hil zuen eta ondoren larrutu egin zuen, hau da, titanaren gorputzetik azala kendu zion eta ondoren, titanaren azalarekin Egida koraza egiteko.[6]
  • Bigarren mito batek dio Pallas Atenaren txikitako laguna edo zaindaria izan zela eta jolasten ari zirela Atenak nahigabe hil egin zuen. Horregatik, bere izenari Pallas izenordea gehitu zion, bere laguna beti gogoan izateko.[3]
  • Gigantomakian, erraldoien eta jainkoen arteko gerran, Atenak Pallas edo Pallante erraldoia hil zuen eta haren azala ezkututzat erabili zuen.[7]
Pallas Atena, Vienako Parlamentuan, 1902.

Atenaren sinboloak eta ikurrak

aldatu

Mozoloa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Atenaren mozoloa»

Nahiz eta gaur egun askotan Atena jainkosaren sinbolotzat hontza agertzen den, bere ikurra, berez, mozoloa zen.[8] Atena jainkosa Atenas hiriaren jiankosa jagolea zenez, hirian sortzen ziren txanponetako irudia mozoloarena da. Homerok bere idazkietan dio Atenak mozolo-begiak dituela.[9]

Maiz, Nike garaipenaren jainkosarekin agertzen da. Horren adibide nagusiak dira Atenasko akropolian Atena Nike izeneko tenplua dagoela, hau da, Atena garailearen tenplua.[10]

Lantza, kasko eta egida

aldatu

Jainkosak soinean zeramazkien eta bera identifikatzeko balio duten objektu ohikoenak (atributuak) dira, lantza, kaskoa eta Egida. Atena lantza eta kaskoarekin jaio zen. Egida izena zuen armadura, aldiz, Pertseo heroiak eman zion Medusa Gorgona hil ostean. Egida, Atenaren kasuan, bularrean eta soinaren gainean janzten zuen ahuntz larru bat zen, Gorgonaren burua zuena, eta Egida armadurak Medusaren burua zuenez, etsaiak harri bihurtzeko gaitasuna zuen.

Olibondoa bakearen sinbolotzat ere ezaguna da, eta atenastarrei oparotasuna ematen zien zuhaitza. Hala ere, Atenarekin lotzen da jainkosak, Atenasko babeslea bilakatzeko, atenastarrrentzat lehen olibondoa oparitu zielako. Gainera, gaur egun zuhaitza garaipena eta kastitarearen sinbolotzat ere erabili ohi da, modu horretan, Atenaren ezaugarriekin lotuz. Akropolian olibondo bat zegoen, Atenari sagartua, eta garai klasikoan, Periklesen enkarguz, Fidiasek akropolia berrantolatu eta eraikin monumental guztiak diseinatu zituenean, olibondoa errespetatu behar izan zuen eta ukitu gabe utzi.

Atenaren jaiotza

aldatu
Atenas hiriko tetradrakma: alde batean Atenaren buru eta kontrakoan, mozoloa.

Nahiz eta Homerok Atena Zeusen alabatzat hartu, jainkosaren jatorri edo bere amaren inguruan ez zuen idatzi. Aldiz, Homero ondorengo tradizioek bat egiten dute Zeusen burutik jaio zela.

Hesiodoren arabera Atenaren ama Metis ozeanidea zen, Zeusen lehenengo emaztea izan zena. Harremanak izan ostean Zeusek ekintza honen ondorioak saihesteko Gea eta Uranoren aholkuak jarraituz bere sabelean hetsi Metis zuen.[11] Izan ere, iragarria izan zen Metisek izandako oinordekoak Zeus baino boteretsuagoak izango zirela.[4] Hala eta guztiz ere, Zeusek Metis bere sabelean giltzapetu baino lehenago Metisek Atena sortua zuen.

Pindarok gaineratzen du Hefesto jainkoak Zeusen burua ireki zuela labrys izeneko xafla bikoiteko aizkora minoikoaren bidez. Honela, Atena Zeusen burutik atera zenean guztiz heldua zen eta armaduraz jantzita zegoen. Beste autore batzuek diote jaiotza Tritonis (Libia) lakuan eman zela[4] eta Zeusek Prometeo, Hermes eta Palemonen laguntza jaso zuela.[12]

Atenaseko zaindari

aldatu
Poseidon eta Atenaren lehia irudikatzen duen kratera. Ezkerraldea Poseidon ageri da, atzean zaldia duelarik. Eskuinaldean Atena dago, irudiaren erdian jainkosak sortutako olibondoa ageri da. Espainiako Arkeologia Museo Nazionala.

Atena Atenas hiriaren zaindaria izateko Poseidon itsasoen jainkoarekin lehiatu behar izan zuen da. Biek nahi zuten izan hiriaren zaindari, horregatik, adostu zuten bakoitzak opari bat egin behar ziela Atenasko biztanleei eta hauek aukeratuko behar zutela zein izango zen oparirik onena eta horrenbeste hiriko zaindaria. Poseidonek bere hiruhortzeko makilaz lurrean kolpatu zuen eta ur gazia ematen zuen iturri bat sortu zuen. Mitoaren bertsio baten arabera Poseidonek zaldiak sortu zituen bere hiruhortzekoa erabilita.[13] Atenak, aldiz, olibondo bat landatu zuen.[14] Honela, olibondo zuhaitzetik atenastarrek egurra lortu zezaketen eta baita oliba eta olioa ere. Guztiagatik, Zeus edo Atikako lehen erregeek Atena aukeratu zuten Atenasko zaindari. Hortik dator Atenas hiriaren izena.

Robert Graves idazlearen arabera Poseidon eta Atenaren arteko lehiak jatorria arrazoi politikokoak izan ziren. Hau da, Poseidon jainkoak hiri ezberdinetako zaindari izatearen nahia, garaiko matriarkatu eta patriarkatuaren arteko gatazka irudikatzen zituen.[15]

Atenastar emakumezko guztiek Atenaren alde egin zuten bitartean, atenastar gizonezko guztiek Poseidonen alde egin zuten. Honela, Atenak irabazi zuen eta Poseidon mendeku bila eskualde guztia urperatu zuen. Poseidonen haserrea baretzeko Atenaseko emakumeei boto eskubidea kendu zitzaien eta hauen semeek ezin izango zuten amen izenaren eratorritako izenik izan.[16]

Koadro honetan, Parisen epaiketa irudikatzen da. Ezkerraldetik hasita, Parisek Afroditari urrezko sagarra ematen dio, Hera eta Atena eskuinaldean agertzen dira. Angelica Kauffman, 1781.

Troiako gerran

aldatu

Peleo mirmidoidarren erregea eta Tetis itsasoko titanidearen ezkontzan greziar jainko guztiak gonbidatu zituzten, Eris jainkosa ezik. Ezkontza honek berebiziko garrantzia izan zuen. Alde betetik, iragarri zen Tetis ninfak izaten zituen oinordekoak bere aita baina ospetsu eta boteretsuagoa izango zela. Horregatik, Zeusek arriskuaz ohartaratzita Tetis ninfa Peleo errege hilkorrarekin ezkondu zuen. Bestalde,  Eris jainkosa kaos eta liskarren jainkosa ez zuenenez gonbidatu ezkontzara zena haserretu egin zen eta kaosaren jainkosa izanik liskarra eraman zuen ezkontzara. Honela, Eris ospakizunera joan zen eta urrezko sagar bat eraman zuen berekin. Sagarrean “kallisti” (ederrenarentzat) zegoen idatzia, hau da, sagarra ospakizunena zeuden jainkosarik ederrenarentzat zegoen zuzendua. Hera, Afrodita eta Atenak sagarra eskatu zuten. Zeusek ez zuenez hiru jainkosen artean aukeratu, Olinpon kaosa sortuko zelako, Paris Troyako printzeari eman zion betebehar hori.[17]

Parisen mesedea eskuratzeko jainkosa bakoitzak eskaintza ezberdinak eskaini zizkion. Honela, sagarraren truke Herak botere politikoa eta Asiaren kontrol guztia eskaini zion,  Atenak jakituria, guruak irabazteko trebetasuna eta gerlari handien gaitasunak eskaini zizkion, azkenik, Afroditak munduko emakume ederrenaren maitasuna eskaini zion. Azkenean, Parisek Afrodita maitasunaren jainkosari eman zion sagarra.[3]

Gauzak honela, Helena Espartako erregina Parisekon Troiara ihes egin zuenean eta ekintza honekin Troiako gerra hasi zenean Atena greziar edo akeoen alde jarri zen eta troiarren kontra. Jakina da, Olinpoko jainkoek aktiboki parte hartu zutela Troiako gerran eta Atena jainkosa ez zen atzean gelditu. Gerran zehar Atenak Aresen kontra birritan borrokatu zuen eta bietan irabazi ere.[18]

Eriktonio

aldatu

Atenak Troiako gerran parte hartu zuenean, borrokarako armak Hefesto jainko armagileari eskatu zizkion. Baina Hefestok armen truke Atena berekin ezkontzea nahi izan zuen, nahiz eta jada Hefesto ezkondua egon, hain zuzen ere, Afrodita maitasunaren jankosarekin. Atenak jainko birjina eta ezkongabea izanda ezezkoa eman zion Hefestori. Hala eta guztiz ere, Hefestok ezezkoa jasotzean Atena bortxatzen saiatu zen baina ez zuen lortu. Hefesto Atena haurdun uzten saiatu zen, baina, istripu batean Gea, lurraren jainkosa, utzi zuen haurdun. Gea asko haserretu zen eta esan zuen ez zuela besteen tontakeria eta arduragabekeriagatik ordaindu behar eta ez zuela berea ez zen ume bat hazi behar, beraz, Atena errudun sentitu eta Gearen semearen kargu egin zen.[19] Seme horri Eriktonio izena eman zion eta Olinpotik ateratakoan Atenasko gortera eraman zuten. Geroago Zeklope erregea hiltzean errege bihurtu zen.

Mitologian ohikoa denez, greziar mitologian ere mito bakoitzari buruz hainbat bertsio izaten dira. Eriktonioren heziketari dagokionez, hiru bertsio daude. Pausaniasen arabera, Atenak Eriktonio haurra kaxa txiki batean sartu eta  Herse, Pandrosa eta Aglauro ahizpei eman zien. Jainkosak agindu zien ezin zutela kaxa ireki, baina Aglauro eta Hersek ez zioten kasurik egin eta kaxa ireki zuten. Haurra suge gorputzarekin ikustean eroak bihurtu ziren eta Akropoliko muinotik botaz beren buruaz beste egin zuten.[20] Ovidioaren arabera, Hermes jainkoa Hersez maitemindu zen. Hiru ahizpak Atenaren tenplura gerturatu zirenean jainkosari opariak egiteko eskeintzeko Hermesek diruaren truke Aglaurori laguntza eskatzen dio Herse erakartzeko. Aglaurok baiezkoa eman zuen eta ordainetan Hermesek lehenago ahizpek Atenari oparitutako edo sakrifikatutako dirua ematen dio Aglauroki ordainetan. Atenak iraina jasota, Eris jainkosari eskatzen dio Aglauro jeloskor bilakatzeko. Honela, Hermesek Herse liluratzean Aglaurok ekintza zapuzten saiau zen eta Hermesek Aglauro harri bilakatu zuen.[21] Hirugarren bertsio baten arabera, Atena Akropolia eraikitzeko mendi bat eusten ari zenean, bi ahizpek (Aglauro eta Herse) kaxa ireki zuten. Hurbil zegoen belatzar batek hau ikusita Atenaren bila joan zen honi dena kontatzeko. Jainkosak hau entzutean amorru bizian jarri eta eusten ari zen mendia bota egin zuen (gaur egun mendi hori Licabeto izenez ezagutzen da).

Tapadun anfora panatenaikoa

Panathenaia

aldatu

Panathenaia jaialdiak leku pribilegiatua du Atenasko egutegian, ziurrenik Atenasko polisaren jatorritik hiria berritzeko eta berrantolatzeko aukera bat delako, eta, beraz, urteko lehen hilabetean kokatzen da, Hekatombeon hilean.[22]

Panatenaiak, estatu mailako erlijio jaialdi bat, Atenasko jainkosa babeslea omentzen zuen. Lau urtean behin ospatzen zen jaialdiak kirol, musika eta bestelako lehiaketak barne hartzen zituen. Atenaren zuhaitz sakratua zen olibondoen olibetatik ateratako olioz betetako anforak ematen ziren sari gisa Panatenaiko Jokoetan. Anfora horiek forma berezia zuten, lepo eta oin estuekin eta dekorazio estilo estandarrarekin. Alde batean, gerraren jainkosa zen Atena erakusten zen, armatuta eta zutabeen artean aurrera zihoala, eta "Atenasko jokoetatik" inskripzioa zuen. Beste aldean, jokoa irudikatzen zen.[23]

Partenoi tenpluko ekialdeko frisoaren erdiko atalaren zati bat. Ezkerretik eskuinera: Bi neska aulkiak daramatzatela, Atenaren apaiz andrea, Basileus arkontea eta peploa eskuan duen haur bat.

Panathenaietako ekitaldi nagusia, garrantzitsuena, Hekatombaionaren 28an egiten zen prozesioa da, lehiaketa gehienak egin ondoren, eta helburu nagusia peploa, atenastar guztiek beren jainkosa zaindariari egiten zioten eskaintza, Akropolira eramatea zen. Aldi berean, prozesioa erabiltzen zen biktimak muino sakratuaren gaineko aldarean egin behar zen sakrifiziora eramateko. Ekitaldi nagusi horren aurretik, aurreko gauean, lampadodromia egiten zen, eta horren helburua Akademian zegoen Prometeoren aldaretik su sakratua hartu eta Akropoliko Atenaren aldarera eramatea zen. Sakrifizioaren ondoren egiten zen erritu-banketea.[24]

Zenbait mito

aldatu

Arakneren mitoa

aldatu
Arakneren fabula. Diego Velazquezen Iruleak koadroan, 1657.

Arakneren mitoa jatorri erromatarrekoa da, greziar mito klasikoen ondorengoa da.[25] Arakne Tiroko tindatzaile ospetsu baten alaba zen. Arakne hain zen ehule ona, Atena baino ehule trebeagoa zela baieztatzen zuen. Atenak, hori entzunda, amonaz mozorroturik agertu zitzaion Arakneri. Atenak ohartarazi zion jainkoak ezin zituela mespretxatu eta Arakne hau entzutean amona desafiatu egin zuen, jakiteko ea zein zen ehulerik onena. Mozorroa kendu ostean, Atenak Atenasko zaindari izateko balio izan zion eszena ehundu zuen: Poseidonen gaineko bere garaipenaren eszena, alegia. Araknek, aldiz,  Zeusen maitasun kontuak ehundu zituen. Bukatu zutenean Atenak Arakneren lana aztertu eta nahiz eta Aracneren lana perfektua izan jainkosak hautsi egin zuen. Izan ere, Arakneren ehunean jainkoen akatsak eta hutsegitek agertzen ziren. Honela, Arakne bere burua hiltzen saiatu zen, baina jainkosak barkatu egin zuen eta lehen armiarma bihurtu zuen.[26][27]

Medusa

aldatu

Ovidio erromatar poetaren arabera,[28] Medusa greziar mitologiako gorgona bat izan zen, gorgonen artean hilkorra zen bakarra. Medusa hain emakume ederra zen zein Poseidon jainkoa Medusaz maiteminduta zegoen. Atenaren tenpluaren emakume-apaiza zen Poseidon jainkoak bortxatzen duenean. Honen berri izanda, Atena haserretu egin zen eta Medusaren ilea suge bilakatu zituen.

Atena eta Hermes jainkoen laguntzarekin Pertseok Medusa hiltzea lortu zuen. Izan ere, jainkoek hegodun sandaliak, Hadesen ikusezintasun kaskoa, espata eta ispilu-antzeko ezkutua eman zizkioten. Medusaren begiek pertsonak harri bihurtzen zituenez, Pertseok ezin zen gorgonari aurpegira begiratu. Honela, ispilu-antzeko eskutuaz baliatu zen, Medusa bera harri bihurtzeko. Pertseok Medusaren burua moztu zuen eta ebaki honetatik Pegaso hegaldun zaldia eta Crisaor gigantea sortu ziren.[29] Atenaren laguntza eskertzeko, Pertseok Medusaren burua eman zion. Atenak Medusaren burua bere egida edo ezkutuan jarri zuen.[3]

Heroien zaindari

aldatu

Greziako antzinako mitoen arabera, Atenak Pertseo gidatu zuen Medusaren gordelekua aurkitzen eta baita gorgona hiltzen ere. Heracles heroiaren hamabi probatan ere lagundu zuen: heroiari erakutsi zion nola larrutu behar zuen Nemeako lehoia,  Lernako hidra hiltzen lagundu zion, Hadesean nola nabigatu eta Estinfaloko txoriak nola garaitu irakatsi zion.

Hala eta guztiz ere, Atenak gehien lagundu izan zuen heroia Odiseo/Ulises da. Hala ere, Atenak inoiz ezin izan zion lagundu zuzenean, hau da, amarruak eta hirugarren pertsonak erabiltzen zituen Ulisesi laguntzeko asmoz, adibidez, pentsamendu edo ideia zehatzak ezarriz Ulisesen buruan. Egoera batean soilik lagundu zuen zuzenean. Troiako gerra ostean Ulises Itakarako bidean zegoela Eskeria uhartera iritsi zenean Atena mozorrotuta agertu zitzaion. Atenak gezurra esan zion Ulisesi, hau da, esan zion Ulisesen emaztea zen Penelope berriro ezkondu zela Baina Odiseok nabaritzen du mozorroaren atzean Atena jainkosa zegoela, horrenbestez, Odiseok ere gezurra esan zion jainkosari. Atenak itakarraren zuhurtasun eta azkartasunaz txundituta mozorroa kendu zuen eta Itakako erreinua berreskuratzeko bidea adierazi zion. Peneloperen ezkongaiak Ulisesen itzuleraz ez ohartarazteko Atenak Odiseo eskalez mozorrotu zuen eta ezkongaiak garaitzen lagundu zuen.

Jason eta argonautak

aldatu

Jason Atena jainkosaren kutunena zen eta berak eskatu zion Argos artisau abilari, Jasonentzat Argo itsasontzia eraiki zezan, "argonautekin" batera, itsasoa zeharkatzeko. Ontziaren brankan, hitz egiten zuen zurezko ohol bat zuen, Dodonako Zeusen santutegian hartuta.[30] Ohol horrek ontziaren noranzkoa zuzentzen zuen, arriskuak non zeuden jakinarazten zion eskifaiari eta horiek eragozteko modua adierazten zion. Metafora horretan, erraza da ontziaren lema ikustea.

Beste agerpen batzuk

aldatu

Batzuetan, Pandoraren alabei emakumeei dagozkien lanetan nabarmentzeko artea erakusten die, tapizgintza lanetan loreak eta guduak irudikatzen; bera da, baita ere, bere eskuekin Junonen berokia edertzen duena.

Genealogia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. 1 2 3 Euskaltzaindiaren 82. araua: Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak
  2. (Gaztelaniaz) «Historia y biografía de Historia de Atenea» Historia-Biografia 2017-11-24 (kontsulta data: 2019-02-16).
  3. 1 2 3 4 (Gaztelaniaz) Hard, Robin. (2016). El gran libro de la mitología griega. La esfera de los libros ISBN 9788497346993..
  4. 1 2 3 (Gaztelaniaz) Grimal, Pierre. (2008-06-30). Diccionario de mitología griega y romana. Grupo Planeta (GBS) ISBN 9788449322112. (kontsulta data: 2019-02-16).
  5. (Gaztelaniaz) Gallardo, Alegria. (2005). Diccionario de mitología griega y romana. Espasa Calpe S.A., 65 or..
  6. (Gaztelaniaz) Diccionario de mitología clásica. Espasa Calpe 2004 ISBN 8467015365. (kontsulta data: 2019-02-18).
  7. (Gaztelaniaz) Grimal, Pierre. (2008-06-30). Diccionario de mitología griega y romana. Grupo Planeta (GBS) ISBN 9788449322112. (kontsulta data: 2019-02-18).
  8. (Gaztelaniaz) Rodríguez-Noriega Guillén, Lucía. Intentando socavar una falsa creencia: la identidad del ave de Atenea. Universidad de Oviedo.
  9. γλαυκῶπις, Liddell & Scott
  10. (Gaztelaniaz) Sánchez, Rafael Marín. (2000). La construcción griega y romana. Departamento de Construcciones Arquitectónicas, Escuela Universitaria de Arquitectura Técnica, Universidad Politécnica de Valencia, Servicio de Publicaciones ISBN 9788477218579. (kontsulta data: 2019-02-16).
  11. Hesiodo, Teogonia 886 eta ond., 924.
  12. (Gaztelaniaz) Apolodoro, Biblioteca i.4.6; Escolio sobre las Olímpicas de Píndaro vii.66
  13. (Gaztelaniaz) Mitos Griegos. (kontsulta data: 2019/02/18).
  14. Apolodoro, Biblioteca mitológica III,14,1; Virgilio, Georgiakak, I, 12.
  15. Graves, Robert (1960) 16.3 eta 62. or.
  16. Varron, hemen aipatua: Agustin Hiponakoa Jainkoaren hiria xviii.9
  17. (Gaztelaniaz) Gallardo, Alegria. (2005). Mitología griega y romana. Espasa Calpe S.A., 162 or..
  18. (Gaztelaniaz) Hard, Robin. (2008). El gran libro de la mitología griega. La esfera de los libros, 230 or..
  19. Apolodoro iii.14.6
  20. Graves Robert (1960) «The Nature and Deeds of Athena» in: The Greek Myths, 25. puntua, 4918 or.
  21. Ovidio, Metamorfosia, ii.708-51, 752-832.
  22. (Gaztelaniaz) Guía, Miriam Valdés. (2005-11-23). «La constitución de la religión cívica en Atenas arcaica» 'Ilu. Revista de Ciencias de las Religiones 10: 261–326. ISSN 1988-3269. (kontsulta data: 2026-04-21).
  23. (Ingelesez) «Attic Panathenaic Amphora with Lid (The J. Paul Getty Museum Collection)» The J. Paul Getty Museum Collection (kontsulta data: 2026-04-21).
  24. (Gaztelaniaz) De La Nuez Pérez, María Eugenia. (2008). «Las Panateneas: un ejemplo de relaciones sociales a través de la fiesta» Gerión. Revista de Historia Antigua 26 (1): 255–265. ISSN 1988-3080. (kontsulta data: 2026-04-21).
  25. Ovidio, Metamorfosia, vi.5-54, 129-45.
  26. Ovidio, Metamorfosia, VI, 1 - 145.
  27. Virgilio: Georgikak, IV, 246 eta 247.
  28. Ovidio, Metamorfosia, iv.770.
  29. Apolodoro, Biblioteca mitológica ii,4,2-3.
  30. (Gaztelaniaz) Cartwright, Mark. «Jasón y los argonautas» Enciclopedia de la Historia del Mundo (kontsulta data: 2023-03-17).

Ikus, gainera

aldatu

Bibliografia gehigarria

aldatu
  • Deacy, Susan (2008) Athena (Gods and Heroes of the Ancient World), Routledge. ISBN 978-0-415-30065-0

Kanpo estekak

aldatu
  • (Ingelesez) Atena, Theoi Project webgunean.