Adamson-Eric

artista estoniarra

Erich Carl Hugo Adamson (Tartu, 1902ko abuztuaren 18aTallinn, 1968ko abenduaren 2a), Adamson-Eric izen artistikoz ezagunagoa, estoniar artista izan zen, batez ere arte aplikatuetan eta margolaritzan aktibo izan zena.[1][2]

Adamson-Eric

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakErich Carl Hugo Adamson
JaiotzaTartu, 1902ko abuztuaren 18a
Herrialdea Estonia
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
HeriotzaTallinn, 1968ko abenduaren 2a (66 urte)
Hobiratze lekuaMetsakalmistu
Familia
Ezkontidea(k)Mari Adamson
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaHugo Treffner Gymnasium (en) Itzuli
Académie Colarossi (en) Itzuli
Hizkuntzakestoniera
Jarduerak
Jarduerakmargolaria eta zeramikaria
Enplegatzailea(k)Estoniako Arteen Akademia
Jasotako sariak
Mugimenduaespresionismoa

adamson-eric.ekm.ee…
Find a Grave: 222982005 Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Erich Carl Hugo Adamson 1902ko abuztuaren 18an jaio zen Tartun. Jaan eta Anna Adamsonen sei seme-alabetatik laugarrena izan zen. Tartuko Hugo Treffner eskolan graduatu zenean, Berlinera joan zen Charlottenburgeko Arte eta Eskulangintza Eskolan ikastera.[1] Berlinen denbora batez ikasi ondoren, Parisera joan zen eta Charles Guérin, Roger Bissière, Moise Kisling eta André Lhote bezalako artistekin ikasi zuen 1925ean Vasili Xukhaiev artista errusiarraren akademia pribatuan sartu eta Art Décon eta objektibotasun berrian zentratu aurretik.[3] Hala ere, Parisen sortu zuen ia lan guztiak suntsituta edo munduan zehar sakabanatuta daude (esaterako, garai hartako 25 obra Estatu Batuetan daude).[4]

1925ean Italian zehar bidaiatu zuen, Genova, Napoli eta Capri bisitatuz.[5] Urte bereko irailetik urrira Estoniako Artearen 2. Erakusketan parte hartu zuen Tallinnen. Bi margolan Berlinen erakutsi zituen Novembergruppe taldearen erakusketan. 1926an, Jaan Koortekek gonbidatuta, Estoniako Artisten Batasunaren erakusketan parte hartu zuen Nikolai Triikekin batera. Udazkenean Finlandian zehar bidaiatu zuen.[3]

1927an Estoniako Artista Figuratiboen Elkartean sartu zen, eta bertan geratu zen 1936ra arte. 1932-1935 urteetan elkarte hori ordezkatu zuen Arte Figuratiboen Fundazioaren Kontseiluan.[3]

1931n Ipar Euskal Herrira abiatu zen, Donibane Garazin ostatu hartuz, eta 1931ko udazkenetik 1932ko udaberrira Espainian egon zen.[3] 1933an beste bidaia handi bat egin zuen Europan zehar: Letonia, Lituania, Polonia, Txekia, Eslovakia, Hungaria eta Errumania ezagutu zituen eta sei hilabete Grezian eman zituen. 1934an Estoniara itzuli zen, Tallinnera.[6]

1936an, Mari Adamsonekin ezkondu zen Tallinnen.[3] Udazkenean bakarkako erakusketa bat egin zuen Helsinkiko Strindberg galerian. Denbora batez Finlandian geratu zen eta Frans Eemil Sillanpää idazlearen hainbat erretratu egin zituen. Hella Vuolijoki idazlea ere bisitatu zuen. 1938ko uda osoa Klippulan eman zuen emaztearekin, eta han udako paisaia batzuk margotu zituen.[7]

1940ko udaz geroztik, Artisten Batasunaren antolakuntza-batzordeko idazkari izan zen eta Sirp ja Vasar astekariko arte ederren saileko erredaktore gisa lan egin zuen. Bigarren Mundu Gerra hasi ondoren, Sobietar Batasuneko barneko eskualde batera ebakuatu zuten.[8] 1942an, Kuibyxeven sortutako Estoniako Sobietar Errepublika Sozialistako Estatu Arte Taldeko artista nagusi izendatu zuten, eta 1943an Estoniako SESko Meritu Oneko Artista titulua eman zioten Jaroslavlen.[8]

Gerra amaitu ondoren, Adamson-Eric Tallinnera itzuli zen eta 1945ean Tallinngo Arte Aplikatuetako Estatu Institutuko zuzendari bihurtu zen. Sobietar Batasunean bizitza artistikoa antolatzeko lan egin zuen arren, erregimen berriak «formalista aktibo»-tzat jo zuen. 1949ko irailaren 12an, zuzendar kargua uztera behartu zuten, eta 1950ean, Estoniako Alderdi Komunistaren VIII. Plenoan, kritika suntsitzailea jasan zuen: ohorezko titulua kendu zioten eta alderditik kanporatu zuten, «okerrez» onartu zutela adieraziz.[8][3] 1950etik 1953ra Kommunaar oinetako fabrikan lan egin zuen, eta 1953tik 1968ra Tallinngo Arte Aplikatuetako Estatu Institutuan irakatsi zuen, hasiera batean konposizio sailean eta gero larrugintzako sailean.[3]

1955ean bihotzeko bat jasan zuen, eta horrek gorputzaren eskuinaldeko paralisia eragin zion. Hala ere, berriro margotzen hastea lortu zuen, ezkerreko eskua erabiliz. 1968ko abenduaren 2an hil zen Tallinnen, bigarren bihotzekoak jota, eta Metsakalmistu hilerrian lurperatuta dago.[3]

1930eko hamarkadan, paisaia inpresionistak, biluziak eta erretratuak margotu zituen. Geroago batez ere metalezko lanak, bitxiak, margotutako portzelana eta horma-pinturak sortu zituen.[9]

Iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. 1 2 (Estonieraz) «Adamson, Erich Karl Hugo» Eesti biograafiline andmebaas ISIK (kontsulta data: 2025-04-05).
  2. (Ingelesez)(Alemanez) «Adamson-Eric» Artists of the World Online, Allgemeines Künstlerlexikon Online, AKL Online (kontsulta data: 2025-04-05).
  3. 1 2 3 4 5 6 7 8 (Ingelesez) «Artist Adamson-Eric» Adamson-Eric Museum (kontsulta data: 2025-04-05).
  4. (Estonieraz) Lõugas, Anne. (1987). Pariis Eesti kunstis. Adamson-Ericu muuseum.
  5. (Errusieraz) «Адамсон-Эрик Э. Я» Художественный справочник. Сто памятных дат. Москва: Советский художник (argitaratze data: 1972), 198 or..
  6. (Estonieraz) Lõugas, Anne. «Kreeka maastikud Adamson-Ericu muuseumis» Sirp ja Vasar 1988-12-30.
  7. (Estonieraz) Adamson-Ericu teosed Heinola Forskulla Taidekartanos. (argitaratze data: 1991).
  8. 1 2 3 (Estonieraz) Kruus, Ülle. «Adamson-Eric 100. XX sajandi kunsti- ja kultuurilugu ühe inimsaatuse kaudu» Sirp 2002-11-22 (kontsulta data: 2025-04-05).
  9. (Lituanieraz) Veljataga, Pillė. «Adamson-Eric» Visuotinė lietuvių enciklopedija (kontsulta data: 2025-04-05).

Kanpo estekak

aldatu